XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sartu da, zorionez, haize berria gure eskola eta ikastoletara.

Askotan, birplanteatu egin da euskalduntze-prozesua, orain askoz ere razionalagoa eta intentsiboagoa izanik.

Garrantzi haundia ematen zaio, ordua da, eskolaurrean bigarren hizkuntza bat ikasteari, baina horra hor arazoa: Eta Eskolaurrea bukatzerakoan zer?.

Hiru urtetan zehar haurrak euskalduntzen saiatu gara, atseginez, intentsiboki...

Zer egin gero irakurketa eta idazketarekin?.

Nik hemen, jarrera edo eritzi bi gaitzesten ditut, biak, azken batetan, antzerakoak.

Lehen jarrera: Ama-hizkuntza oinarria da; bigarren hizkuntza lehenengoari eransten zaion zerbait da; beraz, irakurketa eta idazketa ikasterakoan (berdin da 3 urtez euskalduntzen ibiltzea, alferrik da, esango nuke), ama-hizkuntzan egin behar da.

Puntu eta akabo.

Hau da lehen dekretua.

Niretzat, teoria honek, gauza bat du txarra: hiperjeneralizazioa.

Edo beste alde batetik, haurraren errealitatea ahaztea.

Ez du kasu hau edo bestea bereizten, ez, ez du euskalduntasun-mailarik aipatzen; nolabait determinista da: erdara=irakurketa erdaraz, ez dago bitartekorik.

Ez du esaten, zein puntutaraino haur bat jabetu den bigarren hizkuntzaz; hau eta kito.

Bigarren jarrera: Beste jarrera bat, Euskara hilzorian dago, kalean entzun ere ez da egiten, baina guk (abertzaleok) aldatu egin behar dugu egoera hori, oraintxe.

Gainera ikastolak horretarako daude.

Bakarrik falta zen ikastoletan erdara entzutea (entzungo ez balitz bezala).

Beraz hauxe dekretatzen dugu: Haur guztiei euskaraz egingo zaie beti... irakurketa denentzat euskaraz izango da, etab..

Puntu.

Gero, haurrek ez dute euskara, irakaskuntza jarraitzeko adina ulertzen.

Haur asko, adaptatzen ez direnak, edo kalera doaz edo problematiko bihurtzen dira.

Jolasaldietan, irakaslerik ez badago, erdarari jo eta ke...

Behar bada, hori leku gutxitan gertatzen da gaur egun, ikastolak gauza batez ohartu bait dira: Ikastola ez da nahikoa, haur bat euskalduntzeko; kalea ere beharrezkoa dugu, eta gaur, tamalez, kalea ez da gurea.

Lehenengo dekretuak sine die atzeratzen du integrazioa, euskalduntzea; motibatuta eta prestatuta dauden haurrentzat frustrantea da zeharo eta, sozialki, egoera diglosikoaren sostengu bortitz bihurtzen da.

Bigarrena, euskalduntze afektibo baten arerioa da eta haur problematikoen fabrika emankorra, euskararekiko ukoaren eta etsipenaren sortzailea.

Euskalduntzen ari garela inoiz ahantzi gabe, flexibilitatearen irtenbidea proposatu nahi nuke.